ZUZENDARITZA: Narcís Vives
KOLABORATZAILEAK:
Kapsula-lantegi honetan, mapa kontzeptualak sortzen lagunduko diguten hiru programa ezagutuko ditugu, ordenagailu baten eta sarera konexioaren laguntzaz.
Mapa kontzeptuala, ezagutzaren irudikapen grafikoa eskaintzen duen teknika da. Azaletik, mapa kontzeptuala ondoko hau dela esan dezakegu:
Ikasleei ikasten eta irakasleei ikasteko materialak antolatzen laguntzen dien estrategia.
Erabiltzen ari den ikasteko materialaren ulermena errazten duen metodoa.
Ikasitako kontzeptuen laburpen eskematikoa eta hierarkizatua aurkezteko aukera ematen duen baliabidea.
Kapsula-lantegi honetan hiru tresna ezberdin aurkeztuko ditugu: CmapTools, Xmind eta Dia. Tresna hauek hainbat ezaugarri berdin dituzte, eta beste batzuk espezifikoak dira. Gure beharren eta gustuen arabera, hoberen datorkiguna hauta dezakegu.
Mapa kontzeptualak beste programekin egin ohi dira, aurkezpen-editoreekin edo testu-prozesadoreekin kasu. Programa hauek arazo bat dute: ez dira oso malguak. Kapsula-lantegi honetan aurkezten ditugun tresnak bereziki mapa kontzeptualak sortzeko diseinatuak daude: maneiagarriagoak dira eta emaitza hobeak eskaintzen dituzte.
Aplikazio horietako bakoitza ondoko eduki-egitura jarraituz aurkeztuko dugu:
Deskribapena eta funtzionaltasun nagusiak.
Instalazioa eta deskarga / Web kokapena.
Erabiltzeko adibideak eta oinarrizko eragiketak.
Bestelako eragiketak.
IKT hiztegia (beharrezkoa denean).
Kapsula-lantegiko edukiekin, lanerako hainbat aukera eskaintzeko helburuarekin, formatu desberdinak erabiliko ditugu:
PDF formatuko material guztiaren bertsio inprimagarria.
Bertsio elektronikoa WEB formatuan.
Sailetako batzuen bideo bidezko tutoretzaren bertsioa.
Has gaitezen!
IKTko gaitasunak* G. Kudeaketa eta garapen profesionala D. Didaktika, pedagogia eta curriculuma C. Hiritartasun digitala |
G4. Tutorialak zer diren ulertzea, eta laguntza gisa erabiltzea IKTko edozein baliabide ikasteko.
D7. IKTko baliabideak erabiltzea, abstraktua dena konkretu bihurtzeko aukera eman dezaten 2Dko edo 3Dko
errepresentazioen bidez. |
IKT edukiak |
|
Gutxieneko ezagutzak |
|
Autoebaluaziorako irizpideak |
|
* “Eskola 2.0” proposameneko IKTko gaitasunei dagozkien itemak, Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleentzat. Erantsitako material honetatik hartuak: "IKTko gaitasun-mapak".
Ikasiko dugun lehen programa CmapTools izango da. CmapTools Windows, Linux eta Mac sistema eragileetan ongi funtzionatzen duen programa askea da. Programa hau Floridako Institute for Humane & Machine Cognition, ospetsuak garatu du. Programaren garapenaz arduratu den taldean Joseph D. Novak, ikertzaile ospetsua dago, mapa kontzeptualen aita, hain zuzen ere.
CmapTools ikastetxeentzat eta irabazi-asmorik gabeko elkarteentzat doako programa da. Programa hainbat hizkuntzetara itzuli da, horien artean gaztelaniara, katalanera eta euskarara.
Bere ezaugarri nagusien artean hauek aipa ditzakegu:
Edozein motatako mapa kontzeptualak sortzeko eta objektuen artean loturak zehazteko aukera ematen du.
Kontzeptuei audioa, bideo edo testu-baliabideak, besteak beste, txerta daitezke.
Cmaptools programarekin sortutako mapak hainbat formatutan esporta daitezke, grafikoa, PDF edo web-orria kasu.
Interneten elkarlan bidezko lana ahalbidetzen du eta, horrela, hainbat pertsonek mapa kontzeptual bat sor dezakete aldi berean.
CmapTools Java ingurunean funtzionatzen duen tresna da. Beraz, programa instalatu aurretik, Java instalatua dugula eta zuzen funtzionatzen duela egiaztatu behar dugu. Horrela ez bada, ezingo dugu CmapTools instalatu, ez eta zuzen erabili ere.
CmapTools programa web-helbide honetan lor daiteke:http://cmap.ihmc.us/download/.
CmapTools programaren instalatzeko fitxategiak (WinCampTools v5.03) gutxi gorabehera 61 Megabyte ditu. Fitxategi exekutagarria da eta gure mahaigainean edo deskargen direktorioan gorde dezakegu.
Ikus dezakegunez, instalatzeko prozesuan aurrera egin ahala, osatzen goazen pausoak berdez margotzen dira. Hurrengo leihoan instalazioaren direktorioa hautatzeko eskatzen digu. Besterik adierazi ezean: C:\Program Files\IHMC CmapTools.
CmapTools Windows ez den beste sistema eragileentzat ere eskuragarri dago. Beste sistema eragileetako instalazioa, Mac eta Linuxena esaterako, ez da Windowsen instalazioaren oso ezberdina. Instalazioaren hasieran, gure sistema eragilea hautatu beharko dugu eta, jarraian, pantailan agertuko zaizkigun jarraibideak pausoz pauso jarraitu beharko ditugu.
CmapTools programan sartzen garen lehen aldian, gure datuekin bete behar dugun formulario bat agertuko zaigu: izena, elkartea, posta elektronikoa, erabiltzailearen identifikazioa eta pasahitza. Garrantzitsua da pasahitza leku seguruan idaztea, bestela programa blokeatu eta berriz instalatu beharko dugu.
Formularioa bete ostean, bi leiho irekiko zaizkigu, hemendik aurrera erabiliko ditugunak. Lehenengoak, Bistak izenekoak, lanean ari garen proiektuak kudeatzeko balio digu:
Ezkerreko menuak gure ekipoan dauden mapa kontzeptualak, besteekin sarean partekatzen ditugunak, gogokoenak eta azkenaldian erabilitako mapa kontzeptualen historiala ditu.
CmapTools programa abiatzean irekitzen den bigarren leihoa izenik gabeko proiektua da, bertan gure lehen mapa kontzeptuala egiten has gaitezke. Leiho honen goiko menua oinarrizko beste ofimatika-programen gehiengoaren antzerakoa da. Laguntza menua oso garrantzitsua da, batez ere CmapTools programa asko ezagutzen ez dutenentzat. Sarera konexioa badugu, Laguntza botoian klik egiten badugu, CmapTools programarekin lehen pausoak emateko erabilgarri izango zaigun informazioa aurkituko dugu.
Jarraian, CmapTools programaren erabilera ikusiko dugu adibide baten bidez, “Hortzak” kontzeptua ardatz harturik mapa kontzeptual bat sortuko baitugu. Dakigun bezala, hortz mota ezberdinak daude: ebakortzak, betortzak, aurreko haginak eta atzeko haginak. Badakigu ere hortz mota bakoitzak funtzio espezifiko bat duela: moztea, urratzea eta xehatzea. Ikus dezagun, oinarrizko informazio honetatik abiatuz, nola sor dezakegun mapa kontzeptuala CmapTools erabiliz.
Behean, eskuinaldean dagoen ikonoak laukia handitu edo txikitzeko balio digu. | Laukiaren gainean dagoen ikonoak beste kontzeptuekin loturak ezartzeko balio digu. |
Letra-tipoa eta tamaina aldatuz ondoko emaitza lor dezakegu:
CmapTools, programarekin gure lehen kontzeptua sortu dugu, orain kontzeptu berriekin loturak ezar ditzakegu. Mapa kontzeptuala horixe da, kontzeptuen arteko harreman-multzoa. Beraz, kontzeptuak lotzea izango da CmapTools programarekin gehien erabiliko dugun funtzioetako bat.
Erdiko laukiak bi kontzeptuen arteko lotura adierazten digu. Beheko laukia kontzeptu berria da. Orain, informazioa sartzea eta dagokion moduan antolatzea besterik ez da egin behar. Lehenbizi, hortz mota ezberdinak sartuko ditugu:
Ondoko leihoa agertuko zaigu:
Leiho honetan Cmap-ari izena emango diogu, ikuspuntu-galdera bat eta hitz gako batzuk, lana erraz aurkitu ahal izateko. Cmap-a, besterik adierazi ezean, Nire Cmaps-ak izeneko espazioan gordeko dugu. Hala ere, leku publiko batean ere gorde dezakegu eta edonork izango du lana ikusteko aukera, sarera konektatua badago.
Lana gordetakoan, Cmap-a Bistak leihoan agertuko zaigu, Nire Cmaps-ak espazioan.
CmapTools programak duen aukera interesgarrienetako bat kontzeptuei baliabideak gehitzearena da, adibidez, web-orrialdeetara estekak edo irudiak. Horrek dinamismo handia ematen die sortzen ditugun mapei.
Antzera, kontzeptuei irudiak edo dokumentuak, besteak beste, txerta diezazkiekegu.
Azken emaitza ondoko hau izan daiteke:
CmapTools programaren ekarpen handienetako bat elkarlanean, sarearen bidez, mapa kontzeptualak sortzeko aukera da. Aukera honek CmapTools programa hain espezializatuak ez diren beste programetatik ezberdintzen du, aurkezpen-editoreetatik edo testu-prozesadoreetatik esaterako. Elkarlana era sinkronikoan edo asinkronikoan egin daiteke.
Erabiltzaile bat, urrutiko ordenagailu batetik, sortzen ari garen Cmap-era sartzen saiatzen denean, leiho bat irekiko zaigu eta elkarlan sinkronikoa nahi dugun galdetuko digu:
Leiho berri bat zabalduko da eta irudia gorde nahi dugun direktorioa hautatu beharko dugu, baita formatu-mota ere. Formatu ohikoena JPEG da, baina bereizmen gutxiagoko formatuak ere erabil ditzakegu, BMP edo PNG kasu. Irudia hautatutako formatuan gordeko da eta beranduago erabili ahal izango dugu.
Hemen duzu deskarga, instalazioa eta oinarrizko erabilera CmapTools-aren prozesua ikusteko bideo bidezko tutoretza.
Xmind software askea da, Xmind Ltd.-k mapa kontzeptualak egiteko garatutakoa. Programak doako bertsioa du, Internetetik deskarga daitekeena, eta aukera gehigarriak dituen beste bertsio bat ere badu, ordaindu beharreko lizentzia duena. Bertsio Profesionalean, adibidez, mapak PDF, DOC, PPT formatuetan esporta ditzakegu, edo diseinatu ditugun mapak erakusteko aurkezpen oso sinpleak egin ditzakegu. Xmind programaren doako bertsioa erabiltzaile partikularrentzat egokiena da. Horri esker, oinarrizko eragiketa gehienak egin ditzakegu.
Xmind plataforma anitzeko programa da. Hau da, sistema eragile ezberdinetan funtziona dezake, Windows, Linux eta Mac kasu. Gure kasuan Windowsen duen funtzionamendua baino ez dugu ikusiko. Hala ere, beste sistema eragileekin dituen ezberdintasunak gutxi dira.
Xmind programak, bere kalitatea ziurtatzen duten hainbat sari irabazi ditu, adibidez: aplikazio onenarentzat Eclipse RCP 2008 saria eta komunitateko proiektu onenarentzat SourceForge 2009 saria.
Xmind programaren oinarrizko ezaugarrien artean hauek aipa ditzakegu:
Besteak beste, mapa kontzeptualak, zuhaitz-diagramak eta fluxu-diagramak sor daitezke.
Mapa kontzeptualak on line parteka daitezke eta elkarlaneko estrategiak garatu.
Web-nabigatzaile bat du eta horri esker mapa kontzeptualetan dagoen informazioa sarean dagoenarekin era erosoan nahas daiteke.
Web soziala ere badu, erabiltzaileek beste pertsonen lanen inguruan hitz egin eta balora ditzaten.
Interfaze sinplea eta dotorea du.
Ikus dezakegunez, Xmind programak oso itxura dotorea du. Programaren erdiko aldean gure mapa kontzeptualak sortuko ditugu. Gainean, erraz identifika daitezkeen ikonoen menua dugu. Eskuinean, goian, sortzen ari garen maparen eskema hierarkikoa ikus dezakegu. Eta, azkenik, azpian, sartzen ari garen kontzeptu bakoitzaren propietateak aurkituko ditugu.
Jarraian, Xmind programaren funtzionamendua ikusteko, mapa kontzeptual bat sortuko dugu. Lehenik, kontzeptu berri bat sartu behar dugu. Horretarako, lan-eremuko erdiko punturen batean klik bikoitza egin eta beharrezko informazioa idatziko dugu:
Nahi dugunean kontzeptuaren formatua alda dezakegu. Formatuaren menuan, behean eskuinaldean, aukera guztiak aurki ditzakegu, letraren tamaina, letra-tipoa edo testuaren lerrokatzea esaterako. Xmind programak letra-tipo ugari ditu, gure lanari itxura atseginagoa emateko. Bestalde, kontzeptuen atzeko irudiaren kolorea alda dezakegu.
Gainera, Markers leihoan klik egiten badugu, gure kontzeptuei ikusteko informazioa gehitzeko balio duten ikur asko aurkituko ditugu, adibidez, aurpegiak, banderak, koloretako zenbakiak eta izarrak:
Eragiketa honen bidez, lehenengo kontzeptuarekin lotura duen eta ordena hierarkikoan azpitik joango den bigarren kontzeptu bat sortzeko aukera izango dugu. Bigarren mailako kontzeptuak sortzeko beste era nahiko erraza, Tabulatu teklarekin egitea da. Tekla hori sakatzen dugun bakoitzean, lehenengo kontzeptuari lotuko zaion beste bat agertuko da. Eragiketa hori lau aldiz errepikatuz eta dagozkion kontzeptuak sartuz, ondoko emaitza lor dezakegu:
Noski, nahi dugunean eskemaren egitura alda dezakegu. Horretarako, kontzeptu nagusiaren gainean eskuineko botoiarekin klik egin eta, jarraian, Structure sakatu.
Gure ideiara hoberen moldatzen den eskema aukera dezakegu. Xmind programak hamabi eskema-mota ditu. Adibidez:
Xmind programaren abantailetako bat, antzerako ezaugarriak dituzten beste programen aldean, kontzeptuak automatikoki banatzen direla da eta, beraz, eskemaren aurkezpena beti ezin hobea izango da. Bestalde, programak kontzeptu bakoitzak duen leku hierarkikoa antzematen du eta, guri lana errazteko asmoz, letra-tamaina moldatzen du. Adibidetik abiatuz, lau kontzeptu gehiago sar ditzakegu. Ikus dezagun emaitza:
Xmind programak aukera ugari ditu, pixkanaka aztertzen joan gaitezkeenak. Xmind programak ordenagailuko beste programa eta funtzionaltasunekin integrazio paregabea du eta horrek Xmind antzerako aplikazioetatik argi eta garbi bereizten du. Gidaliburu honetan maiz erabiliko ditugun oinarrizko eragiketa batzuk bakarrik erakutsiko ditugu.
Mapa kontzeptual bat sortzen dugunean, askotan irudiz edo soinuz lagundu nahiko dugu. Ikus dezagun, adibidez, nola txertatu irudi bat kontzeptu bati. Lehenbizi, ezkerreko botoiarekin osatu nahi dugun kontzeptua hautatuko dugu. Kontzeptua kolorezko lauki baten barnean agertuko da:
Jarraian, goiko menura joan eta Irudia txertatu ikonoa hautatuko dugu:
Irudia hautatzeko leihoa irekiko da. Txertatu nahi dugun irudia dagoen karpeta ireki behar dugu, hautatu eta Ireki sakatu.
Berehala irudia kontzeptuaren parte izatera pasako da:
Xmind programak web-nabigatzailea darama eta, beraz, sareko edukiek gure mapa kontzeptualak oso erraz osa ditzakete. Gure kontzeptuetako bati hiperesteka gehitu nahi badiogu, lehenbizi web-helbidea kopiatu beharko dugu. Ondoren, goiko menuan dagoen Hiperesteka botoia hautatu behar dugu:
Leiho berri bat irekiko da eta, bertan, gehitu nahi dugun hiperesteka sartu behar dugu. Leiho honetatik beratik, gure ordenagailuan dauden eta lanean txertatu nahi ditugun beste fitxategi batzuk ere txerta ditzakegu, testu-prozesadore bat edo aurkezpen-editore baten dokumentuak esaterako. Hiperesteka itsatsi ostean, Ok sakatuko dugu:
Hiperesteka txertatzen badugu, kontzeptuaren alboan munduko bola itxurako ikono txiki bat agertuko dela antzemango dugu:
Ikonoa sakatzen badugu, Xmind programari atxikitako web-nabigatzaile bat irekiko da eta txertatu dugun web-orrialdera zuzenduko gaitu:
Nahi dugunean kontzeptuen artean loturak ezar ditzakegu: Bi modutan egin dezakegu hori. Lehenengoa, CTRL-L sakatuz. Bigarrena, eskuineko botoiarekin kontzeptuaren gainean klik eginez eta Insert- Relationship ibilbidea jarraituz. Lerro etena agertuko da, kontzeptu nagusitik lotura ezarri nahi diogun kontzeptura arte eta guk zuzendu beharko dugu harantz.
Lauki urdinean bi kontzeptuen artean ezartzen den harremana idazteko aukera dugu.
Xmind programaren bidez, gure lanak Internetera igo ditzakegu eta, horrela, edonork ikus ditzake. Xmind programaren doako bertsioan, gure mapa kontzeptualak argitaratu eta deskarga ditzakegu. Bertsio Profesionalean, igotzeaz gain leku pribatu batean manten ditzakegu eta, beraz, pertsona jakin batzuek baino ezingo dituzte ikusi. Nolanahi ere, igotzen ditugun fitxategi guztiak Xmind programaren web-orrialdean erraz aurki ditzakegu.
Xmind programaren web-orrialdeak izaera sozialeko beste web-orrialdeen antzera funtzionatzen du, adibidez, Youtube, Slideshare edo Script. Erabiltzaile bakoitzak informazio publiko jakin bat duen profila du: erabiltzaile-izena, partekatutako mapak, mapa publikoak, gogokoenak, etab. Xmind programaren erabiltzaile garen aldetik, beste erabiltzaileek sortu dituzten mapak bila ditzakegu. Horrela, ezagutza partekatu eta guztion artean ikas dezakegu.
Gure erabiltzaile-orrialdean, besteak beste, gure mapa publikoak, mapa pribatuak, partekatutako mapak eta gogokoenak aurki ditzakegu. Xmind programan bisitatzen ditugun mapetan iruzkinak idazteko aukera dugu. Horrela, beste erabiltzaileen iritzia ezagut dezakegu eta horiengandik ikasi. Mapa kontzeptual batean iruzkina uzteko, laukian idatziko dugu eta Post a Comment hautatuko dugu.
Ikus dezakegunez, Xmind programak ez du ideia-mapak egiteko bakarrik balio, egun sareak eskaintzen dizkigun aukera guztiei ere etekina ateratzen baitie.
Hemen duzu deskarga, instalazioa eta oinarrizko erabilera Xmind-aren prozesua ikusteko bideo bidezko tutoretza.
Dia diagramak eta mapa kontzeptualak sortzeko aplikazio informatikoa da. Kode irekiko aplikazioa da,GNOME proiektuaren barnean garatutakoa. GNOME proiektuko beste aplikazio guztien antzera, Dia programa intuitiboa eta arina da, sinpletasuna eta eraginkortasuna azpimarratzen dituena. Programa hau erabiltzeko ez da indar handiko ordenagailurik, ez eta ezagutza tekniko handirik behar.
Programa hau Visio, Microsoften programaren alternatiba aske eta doako gisa garatu zen. Dia programak Visiorekin egindako lanak irekitzeko eta emaitza berberak errepikatzeko aukera ematen du.
Dia era modularrean egina dago, pakete ezberdinak baititu beharren arabera: Entitate/erlazio diagramak, fluxu-diagramak, sare-diagramak, zirkuitu elektrikoenak, etab.
Dia, hasiera batean, Linux sistema eragileentzat diseinatu zen. Hala ere, gaur egun programak Windowserako bertsioa ere badu eskuragarri, Internetetik deskarga daitekeena.
Programa aldizka berritzen da, hobekuntzak txertatzeko. Dia programaren lehen bertsioa 2004an agertu zen eta azkena 2009ko maiatzean.
Dia programaren ezaugarrien artean hauek aipa ditzakegu:
Mapa eta diagrama mota asko sortzeko aukera ematen du: fluxu-diagramak, zirkuitu elektrikoak, puzzleak, sareak, kronogramak, etab.
Programa arina da eta ez du ezaugarri askoko ordenagailurik behar. Ordenagailu gehienetan erraz funtzionatzen du.
Erabiltzaileari lanak pertsonalizatzeko askatasun handia ematen dio.
Fitxategiak hainbat formatutara esportatzeko aukera ematen du.
Dia programa Linux ingurune baterako garatua izan dela kontuan izanik, programa deskargatzeko eta sistema eragile horretan instalatzeko prozesua labur azalduko dugu. Ondoren, prozesu bera Windowserako ikasiko dugu.
Programa deskargatu eta automatikoki gure ordenagailuan instalatuko da. Dia menu nagusian aurkituko dugu, Aplikazioak-Grafikoak-Dia jarraituz:
Dia programa abiaraztean, lauki urdin txikiak dituen parrilla bat aurkituko dugu. Hori izango da lanerako leiho nagusia. Hor marraztuko ditugu gure diagramak eta mapa kontzeptualak. Ikus dezakegunez, parrillaren gainean eta azpian, gure kokapena adierazten duten geziak mugitzen dira.
Parrillaren ezkerraldean, gure diagramak sortzeko erabiliko ditugun tresnak daude. Bi tresna-mota daude: arruntak eta bereziak. Tresna arruntak beti daude ikusgai. Horien bidez honakoa egin dezakegu: lerroak sortu, objektuak mugitu, testua txertatu, etab.
Ohiko tresnen azpi-azpian tresna bereziak aurki ditzakegu. Besterik adierazi ezean, fluxu-diagramaren tresna bereziak baino ez zaizkigu agertuko. Hala ere, goitibeherako menuan klikatuta mantentzen badugu, agian gure beharretara hobe moldatzen diren beste hainbat tresna aurki ditzakegu: zirkuituak, sareak edo puzzlean sortzeko tresnak.
Azkenik, goiko aldean menu nagusia aurkituko dugu:
Nahi dugunean objektuen formatua alda dezakegu, gure lanari itxura atseginagoa emateko. Irudiaren barnean saguaren eskuineko botoiarekin klik egin eta Propietateak... hautatzen badugu, besteak beste, lerroaren zabalera, betegarriaren kolorea edo letraren tamaina alda ditzakegu.
Ondoko emaitza hau lor dezakegu, adibidez, estetikoki zainduagoa dena:
Irekiko den leihoan gure lanari izena eman eta Gorde sakatuko dugu. Besterik adierazi ezean, Dia programak fitxategi guztiak System32 karpetan gordetzen ditu. Bilatu beste karpetak botoian klik egiten badugu, beste kokaleku bat aukera diezaiokegu. Dia programak, diskoan lekua aurrezteko asmoz, fitxategiak konprimitzeko aukera ematen digu. Aukera ona da, sortzen ditugun mapetan informazio asko badago.
Propietateen laukiaren barnean, irudiaren itxura hobetzeko beste aukera batzuk hauta ditzakegu. Adibidez, ertza txertatu eta kolorea alda diezaiokegu. Edo, bestela, jatorrizko irudiaren proportzioak manten ditzakegu.
Dia programak, antzerako ezaugarriak dituzten beste programen aldean, lan bat hainbat geruzatan zatitzeko aukera ematen du. Geruza bakoitza parrillari gainjartzen zaion orrialde bat bezala da. Geruzei esker, objektuak taldeka ditzakegu eta gure lana hobe antola dezakegu. Fitxategi beraren barnean geruza mota asko egon daitezke.
Lan bat geruzatan banatzen badugu, elkarren artean independente samarrak diren diagrama ezberdinak sortzeko aukera izango dugu. Fitxategi berean hainbat pertsonen lanak gorde nahi baditugu, geruzak sor ditzakegu.
Dia programak diagramak formatu askotara esportatzeko aukera ematen digu: pdf, jpeg, vdx, etab. Hori oso erabilgarri izan daiteke Dia programaren fitxategiak beste programekin irekitzeko, edo irudi-fitxategiak sortzeko.
Hemen duzu deskarga, instalazioa eta oinarrizko erabilera DIA-aren prozesua ikusteko bideo bidezko tutoretza.
GNOME proiektua: Unix sistema eragilerako eta Unixen eratorriak direnetarako, GNU/Linux edo Solaris kasu, mahaigain-ingurunea da; software askea dira guztiz.
GNOME proiektuak leihoen kudeatzaile intuitiboa eta erakargarria du eta sinpletasuna eta eraginkortasuna azpimarratzen ditu. GNOME proiektuaren beste helburuetako bat erabilerraztasuna bermatzea da, ezagutza tekniko handirik ez duten edo minusbaliotasun fisikoak edo psikikoak dituzten erabiltzaileek ere erabil dezaten.
Pau Casacuberta
Itinerarium: http://www.itinerarium.cat/