4. Ariketa
Ikasleei segida (edo ikasgai) bat esleitzea
Segida hautatuta dugula eta ikasleak alta emanda daudela, azken urratsa falta zaigu landu nahi dugun
baliabiderako ikasleen sarbidea konfiguratzeko: landuko dugun ikasgai edo segidarekin lotzea.
Ikasgaiaren Seguimiento baliabidearen aukerak erabiliz egingo dugu. Horretarako esteka ikasgaiaren
izenaren eskuinean dago.
Estekaren gainean klik egiten badugu, leiho berri bat irekiko da eta hiru fitxa ikusiko ditugu bertan:
Lección (Ikasgaia), Secuencia (Segida) eta Estudiantes (Ikasleak).
Geroagoko ariketetan ikusiko ditugu haien funtzioak.
Oraingoz, Lección pantailan geratuko gara. Hori da lehenespenez agertzen dena.
Hiru atal bereizten dira:
1. Goiburu bat, ikasgaiari buruzko informazio adierazgarrienak biltzen dituena.
2. Aukera-bloke bat, ikasgaiari eta berori landuko duten ikasleei buruzko zenbait alderdi zehazten dituena.
3. Egin beharreko atazen bloke bat. Kasu honetan, “Ilargiari buruzko wikia” segida izango da,
eta ikasgaiko tutoreak jarduera garatzen den bi unetan esku hartzea eskatzen da. Agian, beste segida batzuetan ez da agertuko
horrelako blokerik. Ikaskuntzako segida bakoitzerako planteatu diren jardueren araberakoa izango da, beraz.
Ikasleak ikasgaian esleitzeko lana bigarren blokeko aukeretatik egingo dugu. Hain zuzen, Editar clase (Eskola editatu) aukeran egin behar dugu klik.
Hori eginda, irekita zegoen leihoaren gainean beste leiho bat irekiko zaigu, eta bertan, ikastaroan alta
emanda dauden erabiltzaileak (3. ariketa) bistaratuko
dira, Tutorea profila eta Ikaslea profila dutenak.
Leiho berri horretan, segidara edo ikasgaira sartzea nahi dugun erabiltzaileen laukitxoa markatuko dugu.
Guztiak aukeratuta ditugula, Guardar botoian egingo dugu klik.
Aldaketak berresteko, klik egin beharko dugu Aplicar cambios (Aldaketak aplikatu) aukeran.
Ikasleak nola esleitu diren ikusteko, klik egin dezakegu Ver estudiantes (Ikasleak ikusi) aukeran.
Ikasleen zerrenda eguneratua duen leiho bat zabalduko digu.
Blokeko gainerako aukerei dagokienez, bereziki interesatzen zaiguna Cambiar status (Statusa aldatu)
aukera da: segida edo ikasgaia zer egoeratan dagoen adierazteko aukera ematen du. Aukera aktibatuta eta ikasleen eskuragarri
dator lehenetsita, baina beste egoera batzuk ezar ditzakegu:
- Deshabilitar (Desgaitu), ikasleek oraindik sarbiderik izan ez dezaten.
- Archivar (Artxibatu), ikaskuntzako segida landu ostean, segida ikasleen jarraipeneko emaitzekin batera bilduta
uzteko.
- Borrar (Ezabatu), segida edo ikasgaia ezabatzeko, bai eta harekin lotutako jarraipeneko informazio guztia
ere.
Ikaskuntza-segidaren garapenerako hiru funtzio ere konfigura ditzakegu:
- Ikasleek paper-zorro moduko .html dokumentu bat sortzeko aukera aktibatzea, segidako ariketen erantzunak biltzen dituena
eta konexiorik gabe ere kontsultatu ahal izango dena. Baliabide horren aurkezpena oraindik ere ez dago erabat bukatua (diseinurik
gabe eta testua ingelesez), eta, beraz, kontsultaren emaitza ez da argia izango, zenbaitetan.
- Ikasleek segida berean lan egiten dutenean, zein dauden konektatuta ikustea.
- Segidan lanean dihardugun bitartean, LAMS plataformaren bidez mezu idatziak bidaltzeko aukera aktibatzea.