Menditik itsasora: ikasleentzako lan proposamena
Menditik itsasora
Proposamen didaktiko honetan, ikasleek zenbait IKT tresna erabiliko dituzte Euskadiko eta munduko ibai
batzuk ezagutzeko: Google Earth, Wikispaces, Cmap Tools eta Flickr dira, hain zuzen, tresna horiek. Lankidetzan aritzeko zenbait
jarduera elkarreragile egingo dituzte ikasleek tresna horiekin.
Proposamena ikasleen ingurune hurbilenetik abiatzen da, Euskaditik, hain zuzen; gero Iberiar penintsulako
ibai nagusiak lantzen ditu, eta, azkenik, munduko ibairik luzeenak. Jarduerak "etapez" edo "probez" osatuta daude, eta ikasleek
haietako bakoitza gainditu behar dute aurrera jarraitu ahal izateko. 3 etapa daude guztira.
Proposamen didaktiko honen azken emaitza Google Earthen kmz formatuko fitxategi bat izango da. Ikasleek
egindako lana gordeko da fitxategi horretan, eta ikasi dituzten ibai guztiak Lurrean kokatuta izango dituzte.
1. jarduera. Euskadiko ibaiak.
Jarduera hau taldeka egingo da. Lehenik eta behin, Euskaditik igarotzen den ibaietako bat aukeratuko
dute ikasleek. Google Earthen aurkitu ondoren, talde bakoitzak wiki bat egingo du, era askotako informazioarekin. Saioaren
amaieran, egindako lanak aurkeztuko dituzte.
2. jarduera. Iberiar penintsulako ibaiak.
Bigarren jarduera Iberiar penintsulako ibai nagusiei buruzkoa da. Banaka egin beharko dute jarduera.
Ikasle bakoitzak ibai hauen bokaleak aurkitu beharko ditu Google Earthen: Tajo, Duero, Ebro, Miño, Guadiana, Guadalquivir,
Júcar, Segura eta Nerbioi. Gero, mapa kontzeptual bat egiteko eskatuko zaie ikasleei, eta ibaiak zer itsaso edo ozeanotan
itsasoratzen diren bereizi beharko dute bertan; hau da, ea Ozeano Atlantikoan, Mediterraneo itsasoan edota Kantauri itsasoan
itsasoratzen diren.
3. jarduera. Munduko ibairik luzeenak
Azkeneko jardueran ikasleek munduko ibairik luzeenak ezagutu ahal izango dituzte: Amazonas, Nilo, Hang-Ho,
Mississippi eta Danubio. Aurreko jardueretan bezala, jarduera honetan ere ibai bakoitzaren bokalea kokatu beharko dute. Horren
ondoren, argazki-erakusketa bat egingo dute, gelan aurkezteko.