8. Ariketa
Argazki-erakusketa bat sortzea markatzaile sozialen zerbitzu batekin
Markatzaile sozialak web 2.0ren zerbitzu ezagunenetako bat dira. Horrelako zerbitzuei esker, erabiltzaileak
helbide interesgarriak gorde ditzake, eta sarean partekatu. Normalean helbide interesgarriak gako-hitzekin etiketatzen dira,
gero errazago aurkitu ahal izateko. Web-nabigatzaileak sortu zirenetik egon den "Gogokoak" tresnaren bertsio hobe bat dira,
nolabait, markatzaile sozialak.
Sarean zenbait markatzaile sozial ditugu, besteak beste, Delicious, Mister, Wrong edota Blinklist. Zerbitzu
horietako bakoitzak bere berezitasunak ditu, baina funtzio nagusiak berberak dira.
1. urratsa. Flickrekin lanean hastea
Jarduera hau egiteko, Flickr erabiliko dugu. Flickr ez da markatzaile sozial bat berez, baina markatzaile
sozialen antzeko alderdi asko ditu. Flickrekin argazkiak kargatu, konpartitu eta etiketatu ditzakegu. Horrez gain, argazki-erakusketak
eta eztabaida-taldeak sor ditzakegu, eta horrek aplikazio didaktiko asko ditu.
2. urratsa. Yahoon kontu bat sortzea
Flickr erabiltzeko, kontu bat ireki beharko dugu Yahoon. Yahooren orri nagusian (http://es.yahoo.com ) erregistro-aukera hautatuko dugu:
Erregistro-inprimakia bete ondoren, Crear mi cuenta (Nire kontua sortu) aukeran
klik egingo dugu. Yahooko bost kontu sortuko dira guztira.
Gela bost taldetan banatuko dugu gero. Talde bakoitzak Flickren sortutako kontuetako bat kudeatuko du,
eta ibaietako bati buruzko erakusketa egingo du. Erakusketek, ibaien argazkiak edukitzeaz gain, aurkezpen labur bat ere eduki
beharko dute (zer kontinentetan dagoen ibaia, zer ibilbide egiten duen, bitxikeriak...).
3. urratsa. Irudiak hautatzea
Garrantzitsua da jarraibide argi batzuk ematea irudiak bilatzeko. Komeni da, paisaia erakusten duten
irudiez gain, zuzenean edo zeharka herrialde bakoitzeko bizimodua erakusten duten irudiak ere egotea.
Ikasleen interesa pizteko, jarduera honetan artelanak hautatzeaz eta erakusketatan jartzeaz arduratzen
den museo-kontserbatzaile baten lana egingo dutela esango diegu. Erakusketa publikoa izango dela ere azalduko diegu; hau da,
Flickreko erabiltzaile guztiek ikusi ahal izango dutela haien lana. Talde bakoitzak arretaz hautatu beharko ditu argazkiak,
gelakideentzat deigarriak izan daitezen. Zenbait alderdi hartuko dira kontuan: argazkiaren edukia, osaera, osotasunaren koherentzia...
Flickren ibaien argazkiak bilatzeko, pantailaren goiko aldean agertzen den bilaketa-menua erabiliko dugu:
Etiketak lagungarriak izan daitezke argazkiak bilatzeko. Etiketa ("Tag" izenez ere ezaguna) datu digital
jakin bat deskribatzen duen gako-hitza da. Etiketak bilaketa-mekanismo oso ezagunak dira web 2.0n; izan ere, sareko edukiak
bereizteko eta kategorizatzeko balio dute, eta, hartara, errazago bila eta koka daitezke eduki horiek.
Flickreko argazki gehienak etiketen bidez sailkatuta daude. Pantailaren eskuineko aldean ikus ditzakegu
argazkien etiketak:
Etiketetako bat hautatzen badugu, gako-hitz horrekin kategorizatutako argazki guztiak agertuko dira.
Flickren argazkiak bilatzeko beste modu bat mapa erabiltzea da. Flikren dauden irudi gehienak "geolokalizatuta"
daude, eta mapa erabil dezakegu haiek aurkitzeko. Horretarako, Explorar (Arakatu) goitibeherako
menuan Mapa del mundo (Munduko mapa) hautatuko dugu:
Bilaketa-menuan gako-hitzak idatzi ondoren, argazki guztiak agertuko dira mapan. Nahikoa izango da puntuetako
bat hautatzea, argazkia ikusi ahal izateko:
4. urratsa. Flickren erakusketa bat sortzea
Erakusketa berri bat sortzeko, argazkiaren orrian, Acciones (Ekintzak) goitibeherako
menua hautatuko dugu, eta gero Agregar a una expo (Erakusketa batera gehitu) aukera:
Baliteke argazki batzuetan ez agertzea erakusketa batera gehitzeko aukera. Zenbait
arrazoi egon daitezke horretarako:
Argazkia edo bideoa ez da publikoa.
Argazkia edo bideoa ez da "segurua" ("moderatua" edo "murriztua" da).
Kideak erabaki du Flickren bilaketatik kanpo utziko dituela bere argazki/bideoen orriak edo bere kontuko orriak.
Argazkia kargatu zuen kideak blokeatu egin zaitu.
Argazkia kargatu zuen kideak erakusketetatik kanpo geratzea erabaki du.
Argazki bat erakusketa batera gehitzen dugun lehenengo aldian, erakusketaren izenburua
eta deskribapena aukeratu beharko ditugu:
Erakusketa batek hiru atal ditu. Goiko aldean erakusketaren deskribapen labur bat agertzen da, bai eta
erakusketako argazki guztien koadro txikiak ere. Erdiko aldean argazkiak handiturik ditugu (argazki bakoitza bere egilearekin
identifikatzen da). Azkenik, erakusketaren beheko aldean bisitarien iruzkinak daude.
Flickren, erakusketa batek 18 argazki izan ditzake gehienez. Proposamen didaktiko honetan erakusketa
txikiagoak egitea gomendatzen dugu, 5-10 argazkikoak. Hartara, argazkiak arretaz hautatzera bultzatuko ditugu ikasleak.
Erakusketak arbel digital elkarreragilean aurkeztuko dira. Autoebaluazio gisa, beren kideen erakusketetan
iruzkinak egitera anima ditzakegu ikasleak.