2. Ariketa
Euskadiko ibai bati buruzko wikia egitea taldeka
Google Earthen ibaiak kokatu ondoren, ikasleek ibaiari buruzko wiki bat egingo dute. Wiki bat multimedia-motako
lan-eremu bat da, eta erabiltzaileek edita dezakete web-nabigatzaile batetik, adibidez, Mozilla Firefoxetik edo Internet Exploreretik.
Horrelako guneek elkarlanean ikastea sustatzen dute; izan ere, zeregina zenbait pertsonaren artean egin behar dute, eta informazioa
trukatu behar dute. Wikien adibiderik argiena Wikipedia da, mundu osoko internauten artean sortutako entziklopedia birtual
izugarria.
1. urratsa. Lanean hastea
Euskadiko ibaiei buruzko wikia sortu baino lehen, irakasleak azpimarratu beharko du informazioaren "kalitatea"
garrantzitsuagoa dela "kantitatea" baino. Ez badira jarraibide argiak ematen, wikia ordenarik eta koherentziarik gabeko informazio-gordailua
bihur daiteke. Horregatik, wikiaren hitz- eta orri-kopurua mugatzea komeni da, eta argi utzi behar da zer galdera erantzun
behar diren, adibidez, hauek:
Non jaiotzen da eta non itsasoratzen da ibaia?
Zenbat kilometro ditu?
Zer hiritatik igarotzen da ibaia?
Zein dira haren ibaiadar nagusiak?
Zer berezitasun ditu?
Bestalde, wikiak era askotako informazioa eduki beharko luke, adibidez, argazkiak, bideoak
eta mapak.
2. urratsa. Wiki bat sortzea
Wikia sortzeko Wikispaces zerbitzua erabiliko dugu: http://www.wikispaces.com/ . Zerbitzu horrek gune mugatu bat ematen
die erabiltzaileei beren wikiak sor ditzaten: wikiak publikoak, babestuak edo pribatuak izan daitezke. 2 Gb-ra arteko espazioa
erabil daiteke guztira sarean wiki bat sortzeko. Wikispaces zerbitzua wikiaren alboetan agertzen diren iragarkien bidez finantzatzen
da.
Wikispacesen wiki bat sortzeko, lehendabizi erabiltzaile gisa erregistratu behar dugu web-orrian. Horretarako,
erabiltzaile-izena, pasahitza eta helbide elektroniko bat idatziko ditugu Wikispacesen orri nagusian:
Erregistroa amaitzeko, gure helbide elektronikoan sartuko gara, eta Wikspacesen mezuaren barruan agertzen
den estekan klik egingo dugu:
OHARRA: Microsoften posta elektronikoko kontu bat erabiltzen badugu (Hotmail, MSM), ziur asko Wikispacesen
mezua mezu baztergarrien karpetara iritsiko zaigu. Kasu horretan, mezua onartu beharko dugu, eta sarrera-erretilura bidali,
kontua aktibatu baino lehen.
Wikispacesen erregistratu eta kontua aktibatu ondoren, irakasleak wikiak sortuko ditu (bat hautatutako
ibai bakoitzerako). Wikispacesen hiru wiki-mota daude:
Publikoa (doakoa): edozein internautak ikus eta edita dezake wikia.
Murriztua (doakoa): wikia publikoa da, baina baimendutako pertsonek bakarrik edita dezakete.
Pribatua (doakoa lehenengo 30 egunetan): baimenduko erabiltzaileek bakarrik ikus dezakete wikia.
Gure gomendioa da bigarren aukera erabiltzea Euskadiko ibaiei buruzko wikia egiteko.
3. urratsa. Wikian lan egitera gonbidatzea ikasleak
Horren ondoren, taldeko kideak dagokien wikira gonbidatuko ditu irakasleak. Horretarako, wikiaren administrazio-gunera
joango gara, eta Invitar a personas (Pertsonak gonbidatu) ikonoaren gainean klik egingo dugu:
Orri berrian taldeko kideen erabiltzaile-izena edo helbide elektronikoa sartuko ditugu, eta Enviar
(Bidali) aukeran klik egingo dugu:
Garrantzitsua da gogoraraztea wikia sortzeaz arduratzen den pertsonak (kasu honetan
irakasleak) administratzaile-rola hartzen duela, eta, beraz, lankidetzako gunearen konfigurazioa eta segurtasun-aukerak alda
ditzakeela. Gonbidatutako ikasleek, berriz, kide-rola izango dute: wikia editatu ahal izango dute, baina ez haren konfigurazioa
aldatu.
Wiki batek guk nahi adina orri izan ditzake. Orri bat informazioa sartzeko erabiltzen dugun gunea da;
testua bakarrik eduki dezake, edota irudiak, marrazkiak, bideoak edo soinu-zatiak gehi diezazkiokegu. Wiki oso sinple batean,
adibidez, hasierako orri bat, garapen-orri bat eta kreditu-orri bat eduki ditzakegu. Wikipediaren moduko wikiek, berriz, milaka
orri eduki ditzakete. Wikispacesen, lehenespenez sortutako orri bat aurkituko dugu beti, Home izenekoa.