Aurkezpena
Zer da "lokalizazioan oinarritutako zerbitzu" bat (LBS) eta zer eskaintzen digu?
Kokapen geografikoari buruzko informazioa ematen duten prestazioei esaten zaie "Lokalizazioan oinarritutako
zerbitzu" (LBS).
Erantzunak prozesatu eta emateko, LBS aplikazioek teknologia ugari erabiltzen dituzte; esaterako,
GPS teknologiak (Posizionamendu Globaleko Sistemak) eta GSM teknologiak (Komunikazio Mugikorretarako Sistema
Globalak). Aplikazio horietako batzuen helburua da zerbitzu geografikoak denbora errealean ematea; esaterako, mapak erabiltzea,
ibilbideak sortzea eta GPS teknologiaren bidez argazkien edo jokoen lokalizazioa bilatzea.
Gaur egun, teknologia berri horiek darabiltzate merkatuko telefono eramangarri batzuek, eta aukera berriak
eskaintzen dizkiete erabiltzaileei.
Argazkien posizionatze geografikoa egiteko aplikazioa da LOCR, eta, haren
bidez, erraz topatu edo argitaratu ditzakegu argazkiak; horrez gain, deskribapen automatikoak gehitzeko aukera ematen digu,
argazkiei buruzko informazio geografikoa erabiliz. Aplikazioaren beste aukera bat da “geo-tag” edo “geo-etiketak” erabiltzekoa,
argazki horiek beste pertsona batzuekin konpartitzeko.
Woices audio edo soinuen lokalizazio geografikoa egiteko doako zerbitzua da, eta aukera ematen
du "oihartzunak" sortu, entzun eta konpartitzeko. Oihartzun horiek grabazioak dira, lokalizazio jakin bati lotzen direnak,
Google Maps zerbitzuaren bidez.
LBS aplikazio ugari daude, eta, haien bidez, denbora errealean lan egin dezakegu ingurunean: proiektu
edo ibilbide hezigarriak sor ditzakegu, altxorra bilatzeko jokoak antolatu, bisita gidatuak prestatu, etab. Aukera horien
bidez, kanpoan jolasteko aukera eman diezaiekegu ikasleei, eta, batik bat, ikaskuntzaz gozatzekoa.
Proposamen honetan, ikusiko dugu hauek direla ingurunea aztertzeko iradokitzen diren lanetako batzuk:
behatzea, ikertzea, aurkikuntzak egitea, datuak biltzea, eta hausnarketak eta analisiak egitea. Horien bidez, bizipen edo
esperientzia hezitzaileak sor ditzakegu, gure ikasleak gogoz parte har dezaten beren jakintzaren eraikuntza-prozesuan.
Baliabide berriak dira, oso erabilgarriak eta aukera ugari ematen dituztenak. Beraz, haiek ezagutzera
gonbidatzen zaitugu.