4. Ariketa. Azalpena eta ideia-zaparrada ikasleekin
Jarraitu beharreko urratsak eta saioaren gutxi gorabeherako tenporalizazioa:
- Jardueraren ikusizko aurkezpena, arbel digitala edo proiektagailua erabiliz. (15')
- Ideia-zaparradaren dinamika, talde handian, ikusteko zer dakiten ikasleek Ilargiari buruz, eta zer jakitea gustatuko litzaiekeen
(30')
- Taldearentzat interesgarrienak diren ideiak aukeratzea. (15')
- Aukeratutako galdera horien erantzuna da, hain zuzen, ikasleek egin behar duten wikiaren edukia.
Jardueraren ikusizko aurkezpenak aukera eman behar du landu behar den gaia sartzeko (Ilargia), eta testuinguruan
jartzeko; alegia, Unibertsoari buruz lantzen ari garen edukien blokean sartzeko (Eguzki-sistema).
Lagungarria izan daiteke, halaber, hurrengo saioetan egingo ditugun jarduerak azaltzea ikasleei. Horretarako,
eskema bat egin dezakegu, eta ikusizko aukezpenean erakutsi.
Ideia-zaparradaren dinamikan ere arbel digitala edo ordenagailua eta proiektagailua erabiltzen jarrai dezakegu,
taldearen ekarpenak jasotzeko. Bi zutabe dituen dokumentu bat prestatuko dugu: zutabe batean, ikasleek Ilargiaz zer dakiten
jasoko dugu, eta bestean, berriz, Ilargiaz zer jakitea gustatuko litzaiekeen.
Ikasleak Ilargiari buruzko galderak egitera motibatzeko unea da. Horretarako, galdera batzuk plantea diezazkiekegu.
Esaterako: Zergatik ez dugu Ilargia ikusten zenbait gautan? Zergatik ez du beti itxura berbera? Berdin ikusten al da planetako
leku guztietatik?
Saioaren amaierako fasean, azkenengo galderen aukeraketa egiten lagun dezakegu, adostasunera heltzeko
dinamika soil bat erabiliz. Ikasleei eskatuko diegu bakoitzak 3 galdera aukera ditzala jasotako galderen artetik.
Talde
handian, ikasle guztien galderak zenbatuko dira, eta guztietatik gogokoenak direnak aukeratuko dira, azkenean.
Bai ideia-zaparradaren unean, bai galderak aukeratzeko azken unean, taldea gidatu” egin beharko
da, behar adina gidatu ere, azkeneko zerrendan, nolabait, jarduerak edukien alorrean landu nahi dituen gai guztiak ikertzeko
aukera ematen duten galderak izan ditzagun; alegia, Ilargiaren ezaugarriak, ilargi-faseak, Ilargiaren higidura eta eklipseak
ikertzekoa ematen dutenak.