Autoebaluazioa
Gogoeta egiteko eta ideiak sortzeko oharrak
                  Proposamen honetan, ikasgelan irakatsi eta  ikasteko prozesuetako adierazpen- eta esperientzia-baliabide
                  gisa aurkeztu dugu  bloga. Horretan oinarrituta, autogogoetarako, honako galdera hauek egiten  dizkizugu:
                  
                  
                  
                  - Ikasgelan blog iraunkor bat  ezarri eta mantentzeko aukera kontuan hartu al duzu?
- Interesgarria iruditzen al  zaizu blog bat sortzea ikasgelan lantzen diren curriculum-edukietako batzuk  zabaldu eta eguneratzeko?
                  
- Zure ustez, blogekin lan  egitea ikasleentzat baliagarria izan daiteke irakurketa eta idazketa  bultzatzeko elementu eragingarri
                  gisa?
Sarritan, blogek tresna sozial dinamiko  gisa funtzionatzen dute; praktikan ikusi dugunez, postei erantzuteko
                  aukera  ematen dutelako eta maiz eguneratzen direlako.
                  Ezaugarri horiek baliatuz, blogak edozein  irakasgaitan eta irakatsi eta ikasteko hainbat egoeratan erabil daitezke;  besteak
                  beste, honako hauetan:
                  
                  - Ikasgelako  taldearen bloga, gai edo irakasgai zehatz bati buruzkoa, bitartekoz, informazio  gehigarriz eta jarduera osagarrietarako
                  proposamenez hornitua;  baliabide hauek erabiliz: idazkera  hipertestuala, multimedia euskarria, iruzkinak, lotutako
                  esteken eskaintza,  etab. Hain zuzen, ildo horri jarraitu diogu praktikan.
- Ikasleen  blog pertsonala, norberaren egunkari gisa, haien interes eta kezka, zaletasun,  jarduera eta abarren inguruan;
                  edota, era berean, ikaskideen egunkarietan parte  hartuta, haien artikuluei buruzko iruzkinak eta ekarpenak eginez, proposamenak
                  eginez, etab.
- Sorkuntzako  multimedia lantegia, banakakoa edo taldekoa, iradokitako argudioen edo argudio  libreen inguruan, mota orotako
                  erreferentziak sartzeko aukerarekin (testu,  audio, bideo nahiz beste gune batzuetarako esteka moduan).
- Talde-proiektuen  kudeaketa; prozesuaren arrastoa eta proiektuaren bilakaera gordetzen dituen  laneko egunkari bikain
                  gisa.
- Argitalpen  elektroniko multimedia, eskola-egunkaria, aldizkari digitala edo monografiak  hainbat gairen inguruan.
- Nabigazio-gida;  iruzkinak egiteko gune interesgarriak, albisteak eta ekarpen kritikoak edo  horiei buruzko iruzkinak
                  jasotzeko.
Esan liteke  hezkuntzaren esparruan blogen erabilerak hiru alderdi hauek biltzen dituela:
                  
                  - Irakaslea - Irakaslea: Irakasleak blog pertsonal  bat hasten du berak sortutako hezkuntza-baliabideak
                  partekatzeko, esperientziak  eta ikuspegiak trukatzeko, eta irakasleen beste blog batzuekin elkartea  sortzeko. Blog horiek
                  bereziki interesgarriak dira iruzkinen ondorioz; horietan  oso eztabaida aberasgarriak sortzen baitira. 
                  - Irakaslea - Ikasleak: Irakasleak blog bat sortzen  du ikasleekin beste era batera harremanetan
                  jartzeko; hala, curriculum-edukiak  (ariketak, testuak, multimedia materiala...) argitaratzeko bestelako plataforma  bilakatzen
                  da. 
                  - Ikasleak - Irakaslea: Irakasleak ikasgelarako blog  bat sortzen du, eta ikasleek administratzen dute
                  blog hori (eskolako ariketa  gisa naiz beren borondatez). Irakasleak jarduera gidatzen du eta  ebaluazio-sistema gisa nahiz
                  motibatzeko baliabide gisa erabiltzen du, ikasleak  irakurketara, idazketara eta teknologia berrietara hurbiltzeko. 
(Iturria: Materiales de capacitación TIC para el  profesorado –irakasleak IKTetan trebatzeko materialak–,
                  Red.es enpresa  publikoa).