ZUZENDARITZA: Narcís Vives
KOLABORATZAILEAK:
Eskola 2.0 proiektuaren oinarrizko tresna da Netbook; ordenagailu txiki bat da, eta ikasturte osoan erabiliko duzu. Eskola 2.0 Netbook gailu arina da, hamar hazbeteko pantaila du, eta bi kilogramo baino gutxiagoko pisua. Dena den, tresna sendoa eta trinkoa da, eta hondatzeko beldurrik gabe eraman eta erabil daiteke. Dituen ezaugarriei esker, ikasleentzako tresna paregabea da, eta berehala ohituko dira hura erabiltzera; eskola-materialaren zati bihurtuko da.
Tutorial honetan Eskola 2.0 Netbooken ezaugarri teknikoak ezagutuko dituzu, eta gomendio batzuk emango dizkizugu ekipoaren bizitza baliagarria luzatzeko. Horrez gain, Netbookek lehenespenez dituen bi sistema eragileak ere aurkeztuko dizkizugu: Ubuntu 9.04 eta Windows XP.
Eskola 2.0 aurkezteko, edukien egitura hau erabiliko dugu:
Eskola 2.0 Netbooken ezaugarri teknikoak.
Eskola 2.0 Netbook ongi erabiltzeko gomendioak.
Sistema eragilea hautatzea abiatze-menuan.
Ubuntu 9.04 sistema eragilea.
Windows XP sistema eragilea.
Eskola 2.0. Netbooken aplikazioak.
Kapsula-lantegiko edukiekin, lanerako hainbat aukera eskaintzeko helburuari begira, formatu desberdinak konbinatuko ditugu:
Material guztiaren bertsio inprimagarria, PDF formatuan.
Bertsio elektronikoa, WEB formatuan.
Atal batzuei buruzko bideo-tutorialak.
Eskola 2.0 Netbook ordenagailu txiki bat da, eta potentzia gutxi du mahai gaineko ekipoekin alderatuta. Ordenagailu honekin ezin izango dituzu exekutatu prestazio handiak behar dituzten programak, adibidez, diseinu grafikoko programak edo ordenagailu-joko batzuk. Nolanahi ere, arazorik gabe erabil ditzakezu ikasturte batean behar diren programa guztiak (testu-prozesadorea, nabigatzailea, audio- eta bideo-erreproduzigailuak...).
Orain Eskola 2.0 Netbooken ezaugarri teknikoak aurkeztuko dizkizugu:
Prozesadorea. Prozesadorea ordenagailuaren garuna da, nolabait esatearren. Programak exekutatzeaz arduratzen da, eta milaka eragiketa egiten ditu segundoko. Txikia denez, Eskola 2.0 Netbookek potentzia gutxiko prozesadorea du (Intel Atom N270 1,60GHz), eta, beraz, sistemaren abiadura mahai gaineko ordenagailu batena baino zertxobait motelagoa izango da.
RAM memoria. RAM memoria, edo memoria birtuala, une jakin batean erabiltzen diren datuak gordetzen dituen espazioa da. Datu horiek galdu egiten dira programa bat ixtean edo ordenagailua itzaltzean. RAM memoria handia edukiz gero, hainbat programa exekuta ditzakegu aldi berean, edo programa oso sofistikatuak erabil ditzakegu. Eskola 2.0 Netbooken RAM memoria 2 Gb-koa da; memoria horrekin lasai erabil daitezke nabigatzailea, testu-prozesadorea eta musika-erreproduzigailua aldi berean.
Disko gogorra. Disko gogorrean gordeta geratzen dira era iraunkorrean ekipoko datu guztiak. Garrantzitsua da ordenagailuaren zati hori ongi babestea; bestela, informazio pertsonal guztia gal genezake, eta ezin izango genuke galdutako informazio hori inolaz ere berreskuratu. Eskola 2.0 Netbooken disko gogorrak 160 Gb-ko edukiera du. Edukiera hori nahikoa da eskola-bizitza osoaren informazioa gordetzeko. Gogoratu, dena den, irudiek, bideoek eta soinu-fitxategiek testu-fitxategiek baino espazio gehiago hartzen dutela, eta uste baino lehen bete dezaketela disko gogorra.
USB atakak. USB atakei esker, hainbat gailu periferiko konekta ditzakezu ordenagailura, esaterako, sagua, inprimagailua edota memoria-arkatza. Eskola 2.0 Netbooken 3 USB ataka daude (bi alde batean eta bat bestean):
Sarera konexioak. Eskola 2.0 Netbookekin bi modu daude sarera konektatzeko: Ethernet kable baten bidez edo haririk gabeko sare baten bidez (Wireless).
Lehenengo kasuan, ordenagailua routerrera konektatu beharko duzu Ethernet kable batekin (telefono-kableen antzekoa da). Ordenagailuaren eskuineko aldean dago Ethernet sarrera:
Bigarren kasuan, berriz, Wireless txartela piztu beharko duzu, Fn+F11 teklak konbinatuz. Argi hori batek txartela aktibatu dela adieraziko dizu:
Bluetooth haririk gabeko teknologia bat da, eta irrati-frekuentzien bidez distantzia motzetan informazioa trukatzeko balio du. Bluetooth konexioek gailu mugikorren eta ekipo finkoen arteko komunikazioa errazten dute. FN+F11 teklen konbinazioa bi aldiz sakatuz, Netbooken bluetooth konexioa aktibatuko duzu. Argi urdin batek bluetootha aktibo dagoela adieraziko dizu.
SD txartelen irakurgailua. SD memoria-txartelak sarri erabiltzen dira, besteak beste, kamera digitaletan, telefono mugikorretan eta PDA sakelako ordenagailuetan. Netbooken txartel-irakurgailuarekin erraz truka dezakezu informazioa gailuen artean.
Serieko ataka. Eskola 2.0 Netbooken serieko ataka bat ere baduzu; serieko kable baten bidez ordenagailua bigarren mailako pantaila batera konektatzeko erabil dezakezu ataka hori. Hartara, ordenagailuan gordetako bideo bat pantaila handiago batean erreproduzi dezakezu, adibidez. Bigarren mailako pantaila aktibatzeko, tekla-konbinazio hau sakatu beharko duzu: Fn+F2.
Bateria. Eskola 2.0. Netbooken atzeko aldean dago bateria. Aldagai askok dute eragina bateria baten iraupenean: energiaren konfigurazioak, exekutatutako programa-motek, bateriaren antzinatasunak... Bateria berria bada, eta kargatuta badago, ongi funtziona dezake 3-5 orduz.
Eskola 2.0 Netbook tresna baliotsua da, eta ezin da liburuak eta boligrafoak bezain erraz ordezkatu. Irakasleek eta ikasleek ekipoa ongi zaindu behar dute, konponketak motelak eta garestiak izaten direlako askotan.
Orain aholku batzuk emango dizkizugu, matxurarik izan ez dezazun eta informaziorik gal ez dezazun:
Kontuan hartu matxuratzeko arrazoi nagusiak beroa, hotza, hezetasuna eta magnetismoa direla. Ez utzi, adibidez, Netbook autoaren barruan, eguzkiak asko berotzen duen egun batean.
Netbook alde batetik bestera eramateko, itzal ezazu. Ekipo bat alde batetik bestera piztuta edo egonean daramagunean jasotzen dituen kolpeengatik galtzen da normalean informazioa. Ahal izanez gero, erabili maletatxo bat ekipoa kolpeetatik eta bibrazioetatik babesteko.
Netbook mugitzerakoan, kendu gailu periferikoak eta elikatze-kablea. Konektoreak hauskorrak dira, eta hondatu egin daitezke kableak korapilatzen badira edo tira egiten bazaie.
Erabili Netbook gainazal lau eta gogor batean. Gainazal bigunek edo bigungarriak dituztenek haizagailuen zuloak blokea ditzakete, eta ordenagailua gehiegi berotu daiteke.
Ez utzi pantailari eguzkiak zuzenean jo diezaion denbora luzez.
Bateriaren bizitza luzatzeko, kontuan hartu gomendio hauek:
Bateria guztiz kargatzen denean atera entxufea.
Noizean behin, utzi bateria guztiz agor dadin berriz kargatu aurretik.
Ordenagailua energia-iturri bati konektatuta baldin badago beti, atera bateria.
Eskola 2.0 Netbookek bi sistema eragile hauek izan ohi ditu: Ubuntu 9.04 eta Windows XP. Sistema horietako bakoitzak bere aldetik funtzionatzen du, disko gogorrean isolatuta dagoen zati batean. Windowseko konfigurazio-akats batek, adibidez, ez du inolako eraginik izango Ubuntun. Gainera, arrazoiren batengatik ezin bada sistema eragile horietakoren batera sartu, bestetik berreskura daiteke informazio pertsonala.
Ezin dira bi sistema eragileak batera erabili. Sistema eragilea aldatzeko, Netbook berrabiarazi behar duzu. Ekipoa piztu edo berrabiarazi eta handik gutxira hautatzen da sistema eragilea. 5-10 segundo igarotakoan abiatze-menua agertuko da, honako itxura honekin:
Ubuntu 9.04 sistema eragilea aukeratuko du lehenespenez. Aukera hori aldatzeko, erabili teklatuko mugimendu-geziak (↑↓). Windows XP sistema eragilea menuaren amaieran egoten da normalean. Hautaketa hori berresteko, sakatu Return tekla. Abiatze-menua agertzean ez baduzu ezer egiten, hamar segundotan Ubuntu 9.04 kargatuko da automatikoki.
Abiatze-menuan beste aukera batzuk ere agertzen dira; ez zenituzke aukera horiek hautatu behar, erabiltzaile aurreratua ez bazara behintzat:
Recovery mode aukerak Ubuntu 9.04ko oinarrizko zerbitzu batzuk bakarrik kargatzen ditu, eta komando-lerroan uzten gaitu. Konfigurazioan akats edo hutsegiteren bat baldin badago sistema leheneratzeko balio du.
Memtest aukerak, berriz, ordenagailuko memorian akatsik ez dagoela ziurtatzeko balio du.
Erabiltzaile batzuek jakin nahiko dute, ziur asko, ea alda daitekeen hasierako menuan lehenespenez agertzen den aukera, edo, gutxienez ere, ea denbora-muga handitu daitekeen, Ubuntu 9.04 hamar segundotan karga ez dadin. Hona hemen erantzuna: "Bai, posible da".
Startup-Manager izeneko programa erraz instalatzen da Ubuntutik, eta abiatze-menua konfiguratzeko aukera ematen digu, bai eta lehenetsitako aukerak edo denbora-muga aldatzeko aukera ere.
Ubuntu GNU/Linuxen distribuziorik ezagunena da. Kode libreko sistema eragile bat da, eta erabiltzailearentzako ingurune atsegina da, Windowsen antzeko funtzionamendua baitu. GNU/Linuxen beste distribuzio batzuekin gertatzen den ez bezala, Ubuntu erabiltzeko ez da ezagutza tekniko handirik behar. Gainera, Ubuntuk GNU/Linuxen abantaila guztiak ditu: ingurune librea eta bizia da, birusik gabea, eta gure beharretara egokitu dezakegu. Ubuntu garatzeaz arduratzen den enpresa Canonical Ltd. da, eta sei hilabetetik behin sistema eragilearen bertsio berri bat aurkezten du. Bestalde, Ubunturen atzean erabiltzaile-komunitate handi bat dago. Komunitate horrek sistema eragilea zenbait hizkuntzatara itzultzen du, aplikazio berriak lantzen ditu eta egon daitezkeen akatsak konpontzen ditu. |
Ubuntu garatzeaz arduratzen den enpresa Canonical Ltd. da, eta sei hilabetetik behin sistema eragilearen bertsio berri bat aurkezten du. Bestalde, Ubunturen atzean erabiltzaile-komunitate handi bat dago. Komunitate horrek sistema eragilea zenbait hizkuntzatara itzultzen du, aplikazio berriak lantzen ditu eta egon daitezkeen akatsak konpontzen ditu.
Ubuntu izenaren ondoan agertzen den zenbakiak (9.04, 9.10, 10.04...) bertsio bakoitza zer datatan atera zen adierazten du. Ubuntuk sei hilabetetik behin bertsio berri bat aurkezten duenez, bigarren zenbakia 04 (apirila) edo 10 (urria) da beti. Adibidez, Ubuntu 9.04 2009ko apirilean aurkeztu zen.
Hurrengo bideoan Ubuntu 9.04ren funtzionamendua ikus daiteke; Jaunty Jackalope izenez ere ezaguna da Ubunturen bertsio hori:
Ubuntu 9.04ren mahaigainak itxura hau du:
Ezkerreko goiko izkinan Aplicaciones (Aplikazioak), Lugares (Lekuak) eta Sistema ditugu.
Aplikazioak sistema eragilean instalatutako programak dira, adibidez, web nabigatzailea, testu-prozesadorea edota musika-erreproduzigailua. Aplicaciones hautatzen baduzu, programa horietako edozein exekutatu ahal izango duzu.
Lekuak ordenagailuan edo gailu periferikoetan informazioa gordetzeko erabiltzen diren espazioak dira. Adibidez, memoria-arkatz bat ireki nahi baduzu haren edukia ikusteko, Lugares hautatu beharko duzu.
Eskuineko goiko izkinan jakinarazpen-area dago, eta hainbat eratako informazioa ematen du: eguna eta ordua, haririk gabeko sarerako konexioa edota soinuaren bolumena. Erabiltzailearen aukera hautatzen badugu, ekipoa itzali, berrabiarazi edo saioa amaitu dezakegu.
Tresna-barran programa aktiboen leihoak agertzen dira. Barra horretan zakarrontziaren ikonoa ere ikus daiteke; ezabatzen ditugun fitxategi guztiak gordetzen dira hor aldi baterako.
Orain Ubuntu 9.04n haririk gabeko sare batera konektatzeko jarraitu behar dituzun urratsak azalduko dizkizugu:
1. urratsa. Aktibatu Eskola 2.0 Netbooken sare-txartela, Fn+F11 teklen konbinazioaren bidez.
2. urratsa. Ubunturen jakinarazpen-arean, hautatu sarera konektatzeko ikonoa. Zerrenda bat agertuko da erabilgarri dauden haririk gabeko sare guztiekin:
Ubuntun, Aplicaciones menuan daude instalatutako programa guztiak, ezkerreko goiko izkinan. Menua hautatzen baduzu saguko botoi nagusiarekin, zenbait programa-mota ikusi ahal izango dituzu: Accesorios, Acceso universal, Educación, Favoritos, Gráficos... Programa bat exekutatzeko, nahikoa da saguko botoi nagusiarekin hautatzea:
Ubuntun fitxategi bat bilatzeko, Lugares menua erabiliko dugu. Menu horretan informazioa gordetzeko erabiltzen diren espazioak ageri dira: dokumentu pertsonalak, memoria-arkatzak, disko gogorrak... Menuaren beheko aldean fitxategiak bilatzeko tresna dago:
Leiho berrian fitxategiaren izena jar dezakezu, eta bilaketarako karpeta edo direktorio bat zehaztu. Emaitza guztiak leihoaren beheko laukian agertuko dira:
Ubuntu 9.04ren itxura lehenetsita dago. Baliteke, dena den, mahaigainaren atzealdea edo leihoen eta menuen gaia aldatu eta zure lan-tresna pertsonalizatu nahi izatea.
Ubuntun, sistemaren konfigurazioan aldaketak egiteko, Sistema menua erabiltzen da. Jarraitu Sistema-Preferencias-Apariencia bidea, sistema eragilearen itxura aldatzeko:
Hurrengo leihoak aukera emango dizu gai berriak aukeratzeko leiho eta menuetarako, mahaigainaren atzealdea aldatzeko, eta letra-tipoa aldatzeko. Gaia aldatzeko, adibidez, nahikoa da saguko botoi nagusiarekin hautatzea:
Azken emaitza honako hau izan liteke:
Garrantzitsua da sistema eguneratuta edukitzea, segurtasunean hutsegiterik egon ez dadin, eta programa guztien funtzionamendua ahalik eta onena izan dadin. Canonicalek 18 hilabeteko laguntza ematen du Ubunturen bertsio bakoitzerako. Denbora hori igarotakoan, beharrezkoa da bertsioa aldatzea, sistema eguneratuta edukitzeko. Bertsio berezi batzuek, LTS (Long term support) izenekoek, 3 urterako laguntza dute, eta horixe da, hain zuzen, Ubuntu 8.04 eta Ubuntu 10.04ren kasua.
Zure Ubunturen bertsioa eguneratzeko, jarraitu Sistema-Administración-Gestor de Actualizaciones bidea:
Internetera konexioa baldin baduzu, eguneratze berriren bat erabilgarri ote dagoen ikusi ahal izango duzu leiho berrian, eta instalatu:
Gainera, leiho horretatik, sei hilabetetik behin aterako diren Ubunturen bertsio berriak instala ditzakezu. Horretarako, Actualizar (Eguneratu) aukera hautatu beharko duzu, Ubunturen bertsio berri bat erabilgarri agertzen denean, kasu honetan 9.10 bertsioa agertzen denean:
Erabiltzaile aurreratua ez bazara, ez zenituzke Ubunturen bertsio berriak instalatu behar. Ez bazaude egiten duzunaz ziur, hobe da eguneratzeen kudeatzailea une bakoitzean duzun Ubuntu bertsioa eguneratzeko bakarrik erabiltzea.
Ubuntu 9.04k laguntza-zentro bat du, eta sistema eragile honi buruz dituzun zalantzak argitzeko erabil dezakezu. Laguntza-zentrora joateko, sakatu laguntza-ikonoa goiko barran, edo jarraitu Sistema-Ayuda y soporte bidea:
Laguntza-zentroan bilaketarako tresna erabil dezakezu (leihoaren goiko aldean dago), edo Ubunturen laguntza-gaietakoren batera joan:
Gune horretan aurki dezakezun laguntzaz gain, Ubuntuk foro ugari ditu sarean, eta haietakoren batean sartzea gomendatzen dizugu. Foro horietan erabiltzaileek zalantzak plazaratzen eta konpontzen dituzte.
Ubuntu-es guneko hasiberrientzako foroan, adibidez, zu bezala sistema eragile honetan lehenengo urratsak egiten ari diren beste erabiltzaile batzuk aurkituko dituzu:
Windows XP Microsoft konpainiaren sistema eragilearen bertsiorik hedatuena da. 2001. urtean agertu zen, eta, kalkuluen arabera, gaur egun sistema eragile horren 400 milioi kopia baino gehiago daude mundu osoan. Windows XPren ondoren, Microsoftek Windows Vista eta Windows 7 aurkeztu ditu. Nolanahi ere, Windows XPk ordenagailu askotan instalatuta egoten jarraitzen du, eta Microsoftek laguntza teknikoa eta eguneratze berriak bermatu ditu hurrengo bost urteetarako. |
Windows XPk bere errendimendu onari eta egonkortasunari esker lortu du, batez ere, arrakasta paregabe hori. Windows XPk ongi funtzionatzen du potentzia gutxiko prozesadoreetan, adibidez, Eskola 2.0. Netbooken prozesadorean. Gainera, sistema eragile horren irudiek intuizioz jokatzeko aukera ematen dute, eta hori oso egokia da esperientziarik gabeko erabiltzaileentzat.
Windows XPren ahulguneetako bat segurtasunean hutsegiteak izatea da. Segurtasun sendoa ez duenez, birusek, troiarrek eta harrek erraz erasotzen diote. Sistema eragile hori erabiltzeko, antibirus bat instalatu behar da, eta horrek pixka bat moteldu dezake ordenagailuaren funtzionamendua. Eskola 2.0 Netbookek Avira antibirusa dauka lehenespenez.
Windows XPren mahaigainak honako itxura hau du:
Ezkerreko beheko izkinan Inicio menua dago, eta menu horrek sistema eragilean instalatutako programa eta funtzionalitate guztietara sartzeko aukera ematen digu. Menu horretatik hainbat gauza egin ditzakegu: programak exekutatu, kontrol-panelera joan, disko gogorra arakatu, sistema itzali...
Tresna-barran, aktibo dauden programetako leiho guztiak ikus daitezke. Leihoak maximizatu eta ikonotu egin daitezke txandaka, saguko botoi nagusiarekin hautatzen baditugu.
Orain Windows XPn haririk gabeko sare batera konektatzeko jarraitu behar dituzun urratsak azalduko dizkizugu:
Windows XPn programa bat exekutatzeko, Inicio menua hautatuko dugu. Zerrenda bat agertuko da duela gutxi exekutatu diren programekin eta maiz erabiltzen diren programekin, adibidez, web nabigatzailearekin edo posta elektronikoaren kudeatzailearekin.
Zerrendan ez dagoen programa bat exekutatzeko, sakatu Todos los programas (Programa guztiak) aukera. Azpimenu bat irekiko da berehala, sisteman instalatutako programa guztien karpetekin. Programa bat hasteko, nahikoa da dagokion karpetaren barruan hautatzea, saguko botoi nagusiarekin:
Fitxategi bat bilatzeko Windows XPn, hautatu Inicio menua, eta, horren ondoren, Buscar (Bilatu) aukera:
Windows XPko bilaketa-tresna irekiko da, eta bilaketa-mota hauen artean aukeratzeko aukera emango digu: Irudiak, musika edo bideoa; Dokumentuak; Fitxategi eta karpeta guztiak; eta Ekipoak edo pertsonak. Bilaketa-mota hautatu ondoren, sartu bilaketa-irizpideak eta sakatu bilaketarako botoia. Emaitza guztiak alboko leihoan agertuko dira:
Windows XPren itxura aldatzeko, Panel de control kontrol-panelera joan beharko duzu Inicio menutik. Windows XPko oinarrizko tresna bat da kontrol-panela, eta sistema eragileko aukera gehienak konfiguratzeko balio digu: itxura, energia aurreztea, segurtasuna...
Kontrol-panelaren barruan, hautatu Vista por categorías (Kategorien araberako ikuspegia) aukera, eta, horren ondoren, Apariencia y temas (Itxura eta gaiak) ikonoa.
Windows XPren itxura aldatzeko zenbait modu daude: ekipoaren gaia alda dezakezu, mahaigainerako beste atzealde bat aukeratu, pantaila-babesle bat erabili edo pantailaren bereizmena aldatu. Hautatu nahi duzun zeregina, eta egin aldaketak Propiedades de pantalla (Pantailaren propietateak) leihotik:
Behin aldaketak egindakoan, sakatu Aplicar (Aplikatu) aukera.
Garrantzitsua da sistema eguneratuta edukitzea, segurtasunean hutsegiterik egon ez dadin, eta programa guztien funtzionamendua ahalik eta onena izan dadin. Windows XPk gailu ultrarinetan izan duen arrakastaren ondorioz, Microsoftek sistema eragile horretarako laguntza teknikoa bermatu du hurrengo bost urteetarako.
Oso erraza da Windows XP eguneratuta edukitzea. Lehenetsitako konfigurazioa aldatu ezean, Windows XPk automatikoki deskargatuko eta instalatuko ditu erabilgarri dauden eguneratze guztiak. Horretarako, beharrezkoa da noizean behin Internetera konektatzea.
Windows XPkoak ez diren programa batzuek ere, adibidez, Adobe Acrobat edota Avira Antivirus programek, aldian behin eguneratzeko aukera ematen dute. Eguneratze horiek Windows XPren jakinarazpen-arean agertzen dira, eta erabiltzaileak onartu behar ditu instalatu ahal izateko. Adibide honetan, Adobe Acrobat programarako erabilgarri dagoen eguneratze bat ikus dezakegu. Saguko botoi nagusiarekin ikonoa hautatzen badugu, instalazio-prozesua hasiko da:
Berrikusi noizean behin Windows XPren jakinarazpen-area, eguneratze berriren bat erabilgarri ote dagoen ikusteko.
Windows XPk laguntza teknikorako zentro oso bat du, eta sistema eragilearen funtzionamenduari buruzko edozein zalantza izanez gero, hara jotzea gomendatzen dizugu. Gune horretan sartzeko, hautatu Inicio menua, eta, horren ondoren, Ayuda y soporte técnico aukera:
Leiho berrian, bilaketa-tresna erabil dezakezu, laguntza-gai bat aukeratu, laguntza eskatu edo laguntza teknikoaren zereginetakoren bat aukeratu:
Laguntza-zentroak informazio zehatza emango dizu Windows XPko eragiketa eta zeregin guztiei buruz.
Windows XPn eta Ubuntu 9.04n lehenespenez dauden programez gain, Eskola 2.0 Netbookek kode libreko zenbait programa eta aplikazio ditu, eta ongi funtzionatzen dute bi sistema eragileetan. Hezkuntza-balio handiko programak dira, eta IKTetan aberatsak diren ikasketa-inguruneak sortzen lagunduko dizute. Hartara, ahalik eta probetxu handiena aterako diozu Eskola 2.0. Netbooki.
Internet | ||
Mozilla Firefox |
![]() | Web nabigatzailea. Besteak beste, fitxa bidezko nabigazioa, zuzentzaile ortografikoa, deskarga-kudeatzailea eta nabigazio pribatua ditu. |
Pidgin |
![]() | Berehalako mezularitzaren bezeroa. Berehalako mezularitzaren bidez elkarrizketak edukitzeko aukera ematen du hainbat saretatik (MSM, Gtalk, Yahoo!, Myspace...). |
Bulegotika | ||
OpenOffice |
![]() | Suite informatikoa. Besteak beste, testu-prozesadore bat, kalkulu-orri bat, aurkezpen-editore bat eta datu-baseen editore bat ditu. |
Scribus |
![]() | Autoedizio-programa. Ordenagailuz argitalpenak sortzeko errendimendu ona du (triptikoak, posterrak, liburuak...). |
Soinua eta bideoa | ||
VideoLAN |
![]() | Audio- eta bideo-erreproduzigailua. Hainbat formatu erreproduzi ditzake, kodekak instalatu beharrik gabe: DVD, DIVX, MP3, AVI... |
Audacity |
![]() | Soinua grabatzeko eta editatzeko aplikazioa. |
Avidemux |
![]() | Bideoak editatzeko eta prozesatzeko aplikazioa. |
Programazioa | ||
Scratch |
![]() | Interfaze grafiko sinple baten bidez programazio-kontzeptu batzuekin aritzeko aukera ematen duen hezkuntza-programa. |
Joko hezigarriak | ||
GCompris |
![]() | 2-10 urteko haurrentzako joko eta jarduera hezigarrien multzoa. |
Tux of Math |
![]() | Buruzko kalkulua garatzeko ekintza-jokoa. |
Tux Paint |
![]() | Editore grafikoa, hainbat tresna dituena: brotxa, lerroak eta poligonoak, moldeak... |
Tux Typing |
![]() | Mekanografia ikasteko ekintza-jokoa. |
Pau Casacuberta
Itinerarium: http://www.itinerarium.cat/